Proyecto lingüístico

Hizkuntza proiektua

Ikastolaren helburu nagusiak dira euskararen sustapena eta berreskurapena, eta kalitateko hezkuntza euskalduna eskaintzea. Hortaz, ikastolako elkarbizitza euskaraz egin dadin eta euskal kultura ere ezagutu dadin jarduten gara. Ikastolak euskararen normalizazioan eragile aktiboak izan gara Nafarroan, eta horixe bera izaten segitu behar dugu. Baina, ageri denez, hori ez daiteke erdietsi hizkuntzen arteko gatazkaren bitartez, baizik eta hizkuntzen osagarritasunaren bidez. Horregatik, gure ikasleria euskaldun eta eleanizdun izan dadin lan egiten dugu.

 

 

Ikastolako jendea elebitasuna eta hezkuntza elebidunaren gaineko ikaskuntzan aitzindari izan zen. Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, eta euskara hizkuntza nagusitzat hartuta, erronka honi erantzun eraginkorra eman dion hezkuntza eredu bat garatu dugu. Alabaina, XXI. mendean sortu den mundu zabaleko gizarte honetan indarrez ikusi da bertze hizkuntza batzuk ikasteko beharra, adibidez ingelesa. Hori dela eta, euskara laneko ardatz nagusiatzat hartuta, eleaniztasuna nabarmentzen duen egitasmo ausart bat indarrean paratu dugu.

Lau hizkuntza darabilzkigu: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa. Bide honetan, ikastolek badugu hizkuntza ezberdinen artean izaten diren sinergia eta lotura naturalak erabiltzen (sortzen) dituen hizkuntza-egitasmo propio bat. Horrela geure curriculum integral bat eskaini dezakegu (geure materialak barne), zeinak zeharkako eran hizkuntza gaitasunak lantzen dituen.

Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratua kontuan hartuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza akitu ondoren gure ikasleriak erdiesten ditu honako maila hauek:

  • Euskara B2 (Batxilegoan C1)

  • Gaztelera B2

  • Ingelera B1

  • Frantsesa A2

Honen harira, ELEANITZ egitasmoa 2001ean ezartzen hasi zen. Urte askotako esperientziaren ondoren, egitasmo sendotua dela erran dezakegu. Itzal handiko erakundeek baieztatu dute haren emaitza ona. Ikastolak hainbertze sari ere hartu ditu, hala nola “ESU President´s Award”, ingelesaren irakaskuntzan berrikuntza eta teknologia berriak erabiltzeagatik eta English Speaking Union fundazioak eman ziguna, bertzeak bertze.

Bertze aldetik, talde txikitan eta ikastolako ordutegiz kanpo, Bigarren Hezkuntzako ikasleriari zuzendutako eskola eskaintzen da kanpoko azterketak prestatzeko eta agiri ofizialak erdiesteko xedearekin (ingelesez, Cambridge; euskaraz, C1/EGA).