Orientazioa
Ikaslearekiko gure begirada eta jardun pedagogikoa, haurraren gaitasunetan oinarritzen dela esateak, pertsona guztiek gaitasunak dituztela onartzea dakar. Honela, pertsona guztiak bakarrak eta errepikaezinak garela aitortuz, aniztasuna gure gizartearen ezaugarritzat jotzen dugu.
Gaitasunak ditugun bezala, zailtasunak ere baditugu, eta horien guztien jabe izanik eta autoestimu erreal batetik abiaturik, ikaslea bere ikaskuntza prozesuan laguntzea dugu helburu. Hori da San Fermin Ikastolako orientazio arloaren eginkizun nagusia.
Horregatik, ikastolan ezartzen diren antolaketa, metodologia eta curriculum neurri guztien helburua erantzun inklusibo bat eskaintzea da, ikasleak eskola ibilbide arruntean daudela sustatzen duena. Hortaz, hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei erantzuna emanen zaie irakasle guztien parte-hartzearekin eta tutoreak koordinatzen duen erantzunetik.
Baliabide horiek guztiak modu inklusiboan antolatu eta gero, kasu batzuetan beharrezkoa izaten da espezialisten parte-hartzea (pedagogo terapeutikoa, logopeda edota zaintzailea). Laguntza hau ohiko ikasgelaren barnean eta ikuspuntu inklusibotik gauzatzen dugu. Horrela, zenbait helburu sendotzeaz gainera, ikaskuntza prozesu arruntean parte hartzea bermatzen da.
Arlo honetako lan ildo garrantzitsuenak, ondorengo lerrootan zehazten dira:
- Hezkuntza laguntzarako beharren detekzioa , baloraziorako irizpideak eta prozedurak zehaztu.
- Ikasketa arazoengatik, ezgaitasunagatik, jokabidearen nahaste larriagatik edo goi gaitasunengatik hezkuntza laguntzarako beharren identifikazioa eta balorazioa.
- Ikastetxeko neurri kurrikular eta antolaketa neurrien deskripzioa.
- Aniztasunari erantzuteko plana aurrera eramateko giza baliabide eta baliabide materialen kudeaketa.
- Familiekin eta kanpoko profesionalekin elkarlana.
- Aniztasunari erantzuteko planaren jarraipena eta ebaluazioa.