Hautu pedagogikoa
San Fermin Ikastolaren xedea ikasleak pertsona gisa modu orekatu eta zoriontsuan garatzea bada, gure jardun pedagogikoak xede hori lortzeko baldintzak bermatu behar ditu. Zentzu honetan, adimen emozionala, gaitasun emozionalak garatzeak, ongizate pertsonala areagotzen du eta, honenbestez, hezkuntza prozesuetan arrakasta handiagoa izateko aukera handitzen du.
Horregatik, ikaslearen ikaskuntza prozesua esanguratsua eta arrakastatsua izan dadin, metodologiaren erdigunea ikaslea bera izango da eta ikaskuntza hori modu aktiboan garatu beharko du, emozioek eta motibazioak bultzaturik.
-
Ikasleen erritmo ezberdinak eta adimen anizkunak kontuan hartuz.
-
Eginez ikasten denez, esperimentazioa eta manipulazioa ezagutzak eraikitzeko oinarrizko pausu gisa ulertuz.
-
Ikasleak pentsatzen ikas dezan pausuak emanez.
-
Ikasleak ezagutzak komunikatzen ikasi behar duela nabarmenduz.
-
Elkarrekin ikasten dugunez, elkarlanean oinarritutako proposamenak eginez.
-
Ikasleak euren ikaskuntza prozesuaren jabe eginez.
Metodologia, ordea, baliabide gisa ulertzen dugu eta ez dogma gisa. Metodologia jakin bati ertsiki lotzeak, ikaste estilo bakarrari erantzutea suposatuko lukeela ulertzen dugu eta, beraz, gaitasun ezberdinak dituzten ikasleei tresna eta baliabide ezberdinak eskaini behar zaizkiela defendatzen dugu.
Bestalde, hezkuntzaren helburuak lortzeko bidea oinarrizko konpetentziak behar hainbat garatuta edukitzea da. Ezagueren eta trebetasunen gainetik daude konpetentziak; izan ere, era konpetentean aritzeak esan nahi du ikasitakoa modu integratuan mobilizatzeko gai izango dela ikaslea,bizitzako hainbat eremutan (pertsonala, soziala, akademikoa eta lanekoa) egoera esanguratsu eta konplexuetako arazoei eraginkortasunez irtenbidea emateko aski konpetentea izango dela.
Konpetentzien araberako hezkuntza ikuspuntuari heltzen diogula kontuan hartuz, ebaluaziorako proposatzen diren ardatzak horrekin erlazionatuta daude. Ebaluazioa ez baita soilik ikaslea kalifikatzeko, ikaskuntzaren eragile izan behar du, bere xede nagusia ikaskuntza eta irakaskuntzaren erregulazioa baita.