Nor gara
Nafarroan erreferentziazko ikastola gara. San Fermin Ikastolak heziketa integrala eta pertsonalizatua garatzea du helburu, euskal kulturan errotuz eta biziz, baina mundura zabalduz.
Harro gaude gure kulturaz eta hizkuntzaz, euskalduna izatea ez baita gentilizio hutsa. Eskuzabalak gara, auzolanean sinisten dugu… Munduko hiritar euskaldunak gara.
Ikaslea, pertsona, ikastolako ardatza da. Pertsona zoriontsuak, begirunetsuak, bizitzako egoera ezberdinei erantzuten dakitenak eta gizartea hobetzeko gaitasunak izango dituztenak hezi nahi ditugu. Horrelako proiektu bat garatzeko, ezinbestekoa da profesional talde kualifikatuaren lana, eta profesional hauen etengabeko formakuntza eta garapena dira gure ikastolak eskaintzen duen kalitatezko egitasmoaren berme nagusia.
Kultura propia duen ikastola gara, sortzaileak garelako. Hezkuntzak eskatzen dituen berme eta kalitateaz gain, sorkuntzari, garapenari eta etorkizunak eskainiko dizkigun egoera ezberdinei leku egiten diona, innobazio pedagogikoari bidea zabalduz beti.
Baina bideak egiten du helmuga. Herritik sortutako kooperatiba bat gara eta auzolanean sinisten dugu, pertsonen borondatean. Zentzu honetan, helburuak betetzeko ahaleginean ez ezik, bidean jartzen dugu begirada: pedagogia berritzaileetan, konfiantzan oinarrituz, proiektua pertsonengan ardaztuz, aniztasunean lan eginez… Kalitatezko lan zintzoa egiteak helburua betetzea baitakar.
50 urteren ondoren, komunitate sendoa eta berritzailea sortu du San Fermin Ikastolak. Berezko kudeaketa eredua garatuz, eta bere ibilbide luzean eskuratutako esperientzia eta emaitzak hezkuntza proiektuaren zerbitzura jarriz.