Kooperatiba gara
Ikastolek antolaketa eredu berritzaile bat sortu zuten: ekimen sozialeko kooperatiba. Gurasoek sorturiko kooperatiba da gurea eta, beraz, aita-amen partaidetza da gure ereduaren gako nagusia. Ikastolako profesionalekin elkarlanean, gurasoek beren seme-alaben hezkuntza prozesuan parte hartzen dute.
Kooperatiba izateak gure modura antolatzeko eta gu geu izateko ahalmena ematen digu. Asmoak eta helburuak elkarrekin partekatuz eta landuz, hauek aurrera ateratzeko bideak elkarrekin urratzen ditugu. Hezkuntzaren abentura eder honetan, eman eta jaso egiten duen komunitate zabala osatzen du San Fermin Ikastolak. Auzolanaz baliaturik, hainbat proiektuetan parte hartzen dute familiek, lana ez ezik, euren ezagutza ere partekatuz.
Seme-alaben hezkuntza proiektuan zuzenean inplikatzeak ikastolarentzat ekar ditzakeen onurez gain, haurrentzat ere ekarpen esanguratsua dago keinu horren atzean: helduek gizartearekin eta inguru hurbilarekin konprometitzeko erakusten duten eredua.
Ikastolako familia guztiek osatzen duten Batzar Nagusia da organu gorena eta beste zereginen artean Artezte Kontseilua izendatzea dagokio. Ikastolako gurasoen hainbat ordezkariz osaturiko kontseilu honek plangintza eta estrategia orokorrak finkatzeaz gainera, Zuzendaritzaren kudeaketa osatzen eta laguntzen du. Horrez gainera, gurasoak hainbat batzordetan antolaturik, ikastolako bizitzaren partaide zuzenak bilakatzen dira.