Lehen Hezkuntza (6-12 urte)

Lehen hezkuntza

IKASLEA PROTAGONISTA

Azken urteetan, neurozientziaren eskutik datozkigun ikerketek zera baieztatzen dute: “ikasi ahal izateko, ikasleak ezinbestean ongi sentitu behar du”, hau da, egoera emozionalak ikaskuntza baldintzatu egiten du. Horregatik, metodologiaren gune ikasleak berak izan behar du eta ikaskuntza hori modu aktiboan garatu behar du, emozioek eta motibazioak bultzaturik.

Honela, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren hasieratik, ikaslearen motibazioa piztearen garrantzia gakotzat jotzen dugu, bere bizitzarekin, bere errealitatearekin eta bere interesekin lotutako proposamenak eskainiz eta bere egunerokorako nahiz etorkizunerako erabilgarriak izango zaizkion egoerak bilatuz.

Ikaslearen motibazioa piztea eta haren gaitasunak eta zailtasunak antzematea ikaskuntza aktiboa garatzeko premisatzat hartuta, honako baldintzak betetzeko lan egiten dugu:

  • Ikasleen erritmo ezberdinak eta adimen anizkunak kontuan izaten ditugu.

  • Eginez ikasten denez, esperimentazioa eta manipulazioa ezagutzak eraikitzeko ezinbesteko pausutzat jotzen dugu, beste ikaskuntza abstraktuago eta sakonagoetara murgildu ahal izateko oinarria.

  • Ikasleak pentsatzen ikasteko bideak urratzen ditugu.

  • Ikasleak ezagutzak komunikatzen ikasteko urratsak ematen ditugu.

  • Elkarrekin ikasten dugu: elkarri behatuz, kontatuz, lagunduz, erakutsiz…

  • Ikasleak ikaskuntza prozesuaren jabe izaten laguntzen ditugu.

Konpetentzietan oinarrituta

Hezkuntzaren xedeak lortzeko bidea oinarrizko konpetentziak behar hainbat garatuta edukitzea da. Ezagueren eta trebetasunen gainetik daude konpetentziak; izan ere, era konpetentean aritzeak esan nahi du ikasitakoa modu integratuan mobilizatzeko gai izatea, bizitzako hainbat eremutan (pertsonala, soziala, akademikoa eta lanekoa) egoera esanguratsu eta konplexuetako arazoei eraginkortasunez irtenbidea emateko.

Aniztasunaren trataera

Ikaslearekiko gure begirada eta jardun pedagogikoa, haurraren gaitasunetan oinarritzen dela esateak, pertsona guztiek gaitasunak dituztela onartzea dakar. Honela, pertsona guztiak bakarrak eta errepikaezinak garela aitortuz, aniztasuna gure gizartearen ezaugarritzat jotzen dugu.

Gaitasunak ditugun bezala, zailtasunak ere baditugu, eta horien guztien jabe izanik eta autoestimu erreal batetik abiaturik, ikaslea bere ikaskuntza prozesuan laguntzea dugu helburu. Hezitzaileon ardura, ikasleen aniztasun horri erantzuteko, aukera eskaintza malgua eta irekia antolatzea da.