JAUME FUNES: EZ ESKATU ESKOLARI ARAUAK ETA NOTAK, TUTORE ONAK BAIZIK

JAUME FUNES KONDESTABLEAREN JAUREGIAN, SAN FERMIN IKASTOLAKO HITZALDIA
JAUME FUNES KONDESTABLEAREN JAUREGIAN, SAN FERMIN IKASTOLAKO HITZALDIA
JAUME FUNES KONDESTABLEAREN JAUREGIAN, SAN FERMIN IKASTOLAKO HITZALDIA
2023 · 03 · 03

San Fermin Ikastolan burutzen ari garen “Gero bat Gugan 2030” hezkuntza eraldaketa prozesuaren baitan, Jaume Funes psikologo, hezitzaile eta kazetariarekin hitzaldia antolatu genuen atzo, Iruñean, Kondestablearen Jauregian. 

Kataluniako psikologoa nerabezaroko gizarte eta hezkuntza zailtasunetan aditua da eta hitzaldi interesgarria eskaini zigun familia zein profesionalentzat. "Nerabeak eskolan eta etxean heztea" izenburupean antolatutako hitzaldia irekia izan zen eta dozenaka lagun hurbildu ziren bertara haren hausnarketak entzutera. Funesekin batera, Edurne Apalauzak, San Fermin Ikastolako Berrikuntza Pedagogikoko Arduraduna, eta Josu Reparazek, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Lehendakaria, hitza hartu zuten Gugan 2030 prozesuari eta Ikastolen mugimenduko berrikuntza ildoari buruz aritzeko. 

Jaume Funesek nerabezaroak dakartzan ezaugarriak mahaigaineratu ez ezik, honen aurrean helduon papera, guraso zein hezitzaileena, zein izan behar duen ere aztertu zuen. "Pazientzia eta esperantza handiz" egin beharreko bidelaguntza izan beharko lukeela zioen, "nerabeak begiratzen jakingo duten helduak, ez soilik arazoak" gaineratuz. Horrez gainera, "sekula aitortuko ez diguten arren, behar gaituzte; bidelagunak izango dituzten helduak behar dituzte nerabeek inguruan, bizitzan aurrera egiteko" baieztatu zuen Funesek.

Eskolari dagokionez, eskaera zuzena egin zien familiei: "Ez eskatu eskolari zuen seme-alabentzako araudi zorrotza, kontrola eta nota onak; tutore bidelagun onak izan ditzatela eskatu". Ildo beretik, ikasleek galderak egiteko gogoari eusteko beharra nabarmendu zuen, eskolak izan beharko lituzkeen eginkizunei dagokienez.
 

XXI. mendean kokatuta, egungo nerabeek, aurreko belaunaldietakoak bezalaxe, helduekiko konfrontazioa behar-beharrezkoa dutela gogorarazi zuen Funesek, digitalak direla onartu beharrarekin batera. Nerabe ona hainbat neraberen artean bakarrik hazten dela gehitu zuen; beraz, "guztiok behar dugu bestea gu izateko" adierazi zien entzuleei. Ideia horiek laburpen txikia baino ez dira, esan bezala, hitzaldi interesgarri eta mamitsua eskaini baitzuen ordu betez.