ORIENTAZIO AKADEMIKORAKO HITZALDIA BATXILERGOAN
DBH bukaeran eta Batxilergoan erabaki akademiko garrantzitsuak hartu behar dituzte ikasleek eta familiek. Horiek hartzea, batzuetan, ez da erraza eta, horretan laguntzeko, jarduera ezberdinak aurrera eramaten ditugu San Fermin Ikastolan. Atzo, goizean, Batxilergoko 1. mailako ikasleekin eta, arratsaldean, DBHko 4. mailako eta Batxilergo osoko familiekin Jesusa García egon zen.
Horrelako egoeratan hartu beharreko pausuak azaldu eta familiei hainbat pauta adierazi zizkien NUPeko irakaslea den Garcíak, garrantzitsua baita gure seme-alabek beraien burua hobeto ezagutzen laguntzea, baita pentsatzen laguntzea ere: zer gauzak gustatzen zaizkit; zertan naiz ona; zeintzuk dira nire ezaugarri positiboak; txikitatik zertan izan naiz ona... Izan ere, informazioa bilatzen laguntzea komenigarria da.
Bokazioaren inguruan ere hitz egin zigun Jesusa Garcíak: pertsona baten interesak eta gaitasunak bat datozenean, ziur aski, bokazio bat egongo da bertan. Zentzu horretan, erabakiak hartzerakoan jarraitu beharreko pausuak azaldu zizkigun, familiek maiz egiten ditugun akatsak... Ikasleekin zein familiekin burututako bi hitzaldiak oso interesgarriak suertatu ziren parte hartzaileentzat.
Bide batez, gogorarazten dizuegu erabaki hau hartzerakoan ORIENTAZIO PROGRAMA lagungarria izan daitekeela bide horretan, eta ikastolako webgunean, familien zein ikasleen guneetan, topa dezakezue.