FAMILIEN PRESTAKUNTZA ZER IKASI ERABAKITZEKO
DBH bukaeran eta Batxilergoan, erabaki akademiko garrantzitsuak hartu behar dira eta, batzuetan, ez da erraza. Horretan laguntzeko, jarduera ezberdinak aurrera eramaten ditugu ikastolan. Atzo arratsaldean, adibidez, Jesusa Garcíak DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako familiei hitzaldia eskaini zien honi guztiari buruz solasteko.
Garcíak, laneko psikologoa eta JES&YOUNG eko Bazkide Zuzendaria, horrelako erabakiak hartzerakoan eman beharreko pausuak azaldu zizkigun eta familiei hainbat pauta adierazi ere. Adibidez, garrantzitsua da gure seme-alabek beraien burua hobeto ezagutzen laguntzea, baita pentsatzen laguntzea ere: Zer gauzak gustatzen zaizkit? Zertan naiz ona? Zeintzuk dira nire ezaugarri positiboak? Txikitatik zertan izan naiz ona?
Informazioa bilatzen laguntzea ere komenigarria da, baina argi utzita haiek egin beharreko lana dela. Bokazioaren inguruan ere hitz egin zigun: pertsona baten interesak eta gaitasunak bat datozenean, ziur aski, bokazio bat egongo da bertan. Bidenabar, erabakiak hartzerakoan jarraitu beharreko pausuak azaldu zizkigun, familiek maiz egiten ditugun akatsak gogoratuz.
Saio interesgarria izan zen familientzat, esan bezala, datozen hilabete eta urteotan erabaki garrantzitsuak hartu beharko baitituzte euren seme-alabek. Bide horretan, lagungarria izan daiteke, halaber, ikastolako webguenan familiek eskuragarri duten EL ORIENTA PROGRAMA.