MIKEL MARKEZ KANTARIA IKASTOLAN
Hezkuntza Sailak bultzatutako Musikariak Ikastetxeetan programaren baitan, gaur DBHko 1. mailako Literatur sormeneko ikasleek Mikel Markez musikariaren bisita jaso dute. Markezek 30 urte daramatza musikaren munduan lan eta disko sorta oparoa sortuz. Silvio Rodriguez, Paco Ibañez, Mikel Laboa edo Eñaut Elorrieta bezalako musikari ezagunekin aritu da kantuan eskenatoki gainean eta Euskal Herritik kanpo ere, dozenaka kontzertu eskaini izan ditu (Frantzian, Irlandan, Txinan, Argentinan, Kuban...).
Programa honek, musikaren bitartez, ikasleak euskal kulturarekiko lotura indartzea du helburu. Honela, musikarien bisitak jasotzen dira ikastetxeetan, aurrez aurreko saioak eskainiz. Horien bitartez, musikarien sorkuntza prozesua ezagutu, haien ibilbidea zertan den ezagutu, musikarien munduaz oro har patxadaz mintzatu eta zuzenean haien musikaz gozatzeko aukera ere eskaini ohi zaie ikasleei.
San Fermin Ikastolako Musika Gelan bildu dira gaur musikari ezaguna eta ikasle talde bat, saio hurbil eta ederrean.