Lehen gizakiei buruzko antzerkia
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleek antzerki ederra antolatu dute azken asteotan lehen gizakien gaia hizpide hartuta. Obra bat antzeztea da proiektuaren azken helburua baina horretara iritsi aurretik ikerketa lana burutu behar dute gelan: non bizi ziren, zer jaten zuten, zer asmatu zuten, nola janzten ziren... garai bateko gizaki haiek.
Irakasleek azaldu digutenaren arabera oso prozesu polita da: "Informazio hori, batez ere, liburuetatik jasotzen dugu bakarka edo taldeka eta, ondoren, talde handian partekatzen dugu". Informazio bilketaren ondoren, antzerkia prestatzeari ekiten diote, baina aurretik, genero honen ezaugarriak ere landu dituzte: obra baten atal nagusiak ezagutu, gidoia sortu, Interneten antzerki ezberdinak ikusi ideiak hartzeko... Entsaiatzeari ekiten diote ondoren, eta bitartean, eskenatokiaren dekorazioaz eta jantziez ere haiek arduratu dira. Zalantzarik gabe, benetako artistak ditugu, zentzu guztietan.