KOOPERATIBISMOAREN GAINEKO FORMAKUNTZA BULTZATZEN
ANEL, Nafarroako Gizarte eta Ekonomia Enpresen Elkartearen eskutik, EDUKACOOP egitasmoa burutu da aurtengo ikasturtean zehar hainbat ikastetxeetan, tartean San Fermin Ikastolan. Eredu kooperatiboa hezkuntza munduan zabaltzeko asmoarekin, gure ikastola bereziki gonbidatua izan zen ekimen honetara, kooperatiba izaki. Honela, azken hilabeteetan, Ekonomiako ikasgaia lantzen duten DBHko 4. mailako ikasleek parte hartu dute ekimen honetan, Marian Aldaia irakaslearen gidaritzapean.
Aldaiak Iruñeko Salesen Komentu zaharrean atzo burutu zen "Mil semillas de Cooperativismo" Jardunaldian parte hartu zuen, gure ikasleek egitasmo honen inguruan egin duten lana azaltzeko. Ekonomiako irakasleak San Fermin Ikastolako sorrera gogoratu zuen lehenik, duela bost hamarkada luze guraso talde baten ekimenez sortutako egitasmo kooperatiboa dela nabarmenduz. DBHko 4. mailako ikasleek ekonomiaren oinarrizko kontzeptuak lantzen dituzte ikasgai honetako lehen urtean, beti ere, "esperantzaz beteriko ikuspegi batekin, eredu sostengarriak, ekonomia zirkularra, kooperatibak eta ekonomia soziala bezalako ereduetan indarra jarriz", adierazi zuen Marian Aldaiak bere aurkezpenean.
San Fermin Ikastolak EHbiercoop izan du bidelagun egitasmo honetan, artisau-garagardoa ekoizten duen Aizoaingo enpresa. Aritz Arangurenek, enpresa honetako bazkideak, ikastolan bertan eskainitako hitzaldiaren ondotik, bi erronka bota zizkien ikasturte hasieran gure ikasleei. Lehena, haien produktua Frantziako merkatuan sartzen lagundu dezaketen bitartekarien zerrenda lortzea, ondoren, haiekin harremana bideratzeko enpresaren aurkezpen gutuna sortuz. Bigarren erronka, asmo handiagokoa, enpresa honen egungo web orria aztertzea eta hobekuntzak proposatzea izan zen. Bata zein bestea gogo onez eta ilusio handiz erdietsi dituztela adierazu zuen Aldaiak atzoko aurkezpenean.
EDUKACOOP egitasmoaren bitartez, ANELek ikasle gazteak kooperatibismoan hezteko asmoa du eta, aurtengo lehen edizio honetan, Nafarroako 1000 ikaslek parte hartu dute ekimenean, gure ikasleekin batera.