TEKNOLOGIA SORTZEKO EMATEN DEN GIZA ESKUBIDEEN URRAKETARI BURUZKO ERAKUSKETA
Egunotan, San Fermin Ikastolako sarreran, Ivan Benitez kazetariak Kongoko Errepublikan egindako argazkiez osatutako erakusketa dago ikusgai. Irudiak Rubayako mehatzetan hartutakoak dira eta, horietan, argi ikus daiteke teknologia berriak sortzeko beharrezkoak diren mineralak erauzteko ematen diren Giza Eskubideen urraketak. Ekimen hau Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeak bultzatutako "Gatazkarik Gabeko Teknologia" kanpainaren baitan kokatzen da eta DBHko 1. mailako ikasleek hasierako asteetan egingo duten lanarekin ere lotura zuzena du.
"Gero bat GUGAN 2030" eraldaketa prozesua ikasturte honetan jarri dugu abian Bigarren Hezkuntzako ikasle hauekin eta lehen egitasmoan landuko dutena estuki loturik joango da erakusketaren gaiari. Laster, ezagutzera emango dugu gelan landutakoa, baina, bitartean, interesa duen edonorentzat ikusgai dago erakusketa ikastolan Urriaren hasiera arte.