ERALDAKETAREN BIGARREN IKASTURTEA
Gero Bat Gugan 2030 hezkuntza eraldaketa gelaratzen hasi gineneko bigarren ikasturtea abiatu dugu San Fermin Ikastolan. Iazko irailean, DBHko 1. mailako ikasleekin hasi ginen bide berri honetatik lanean eta, aurten, etapa honetako bigarren mailan jarri dugu martxan. Azken hauek aurten landuko duten lehenengo Errotaren bidez, QRomesa izenburua duena, Iruñerritik igarotzen diren erromesak abiapuntutzat hartuta, besteak beste, erromesen mundura hurbildu, Erdi Aroan barna bidaiatu, Donejakue bidea ezagutu, erroten garrantziaz jabetu eta energia nola sortzen eta transformatzen den ikasiko dute lehen asteetan.
Hori dela eta, atzo, irteera egin zuten DBHko 2. mailako ikasleek; Atarrabiatik abiatuta, eta Donejakue bidea jarraituz, Iruñeako Alde Zaharreraino iritsi ziren. Bertan, gynkanan jolasean aritu ondoren, ikastolara itzuli ziren eguraldi ederrak lagunduta. Abian da, beraz, ikasle hauentzat eta gure ikastolarentzat ere abentura berria.