AZOKA ETA TAILERRAK GUGAN ERALDAKETA PROZESUKO MUGARRI

Azoka eta tailerrak San Fermin Ikastolan
Azoka eta tailerrak San Fermin Ikastolan
Azoka eta tailerrak San Fermin Ikastolan
Azoka eta tailerrak San Fermin Ikastolan
Azoka eta tailerrak San Fermin Ikastolan
Azoka eta tailerrak San Fermin Ikastolan
2025 · 03 · 11

Gero bat Gugan 2030 hezkuntza eraldaketa prozesuan bete-betean murgilduta,  DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek Azoka eta Tailerrak antolatu dituzte berriki. Lehenengo mailaren kasuan, familiei zuzendutako Azokan, azken lau hilabeteotan egindako lanaren berri eman zuten. Lehenik eta behin, musika eta kantu emanaldia eskaini zuten Areto Nagusian eta honen ondoren, geletara hurbiltzeko gonbitea egin zieten hurbildutakoei, landutako egitasmoa ezagutarazteko. Besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Nafarroako hainbat kobazulotan topatutako Paleolito garaiko hezurrak datatzeko proiektuan parte hartu dute eta hain zuzen elkarte honetarako izango da Azokan bildutako dirua. Horrez gainera, gelan landutako hainbat lanen erakusketaz gozatzeko parada izan zuten hurbildutako guraso eta anai-arrebek, bai eta merendu goxoaz ere. Arratsalde ederra eta elkartasunez betea ospatu genuen Ikastolan. 

Ondorengo BIDEOAN jardueraren laburpena ikus daiteke. 

Bigarren mailako ikasleek berriz, lau hileko honen amaiera gisa, tailerrak antolatu zituzten LHko bigarren eta hirugarren zikloko ikaskideentzat. Ikasturte hasieratik hona landutako Errotan, Erdi Aroko gizarte antolamendua landu dute eta, horrekin batera, garai hura ekologikoki egungoa baino askoz ere sostengarriagoa ere bazela ondorioztatu dute. Hori horrela, erronka zehatza mahaigaineratu zitzaien: Zer egin dezakegu gaur egungo kontsumismoaren aurrean haurrak sentsibilizatzeko? Bada, erronka euren gain hartu eta, kasu honetan, familiekin azoka antolatu beharrean, ikasle gazteago edo txikiagoentzat tailerrak antolatzea erabaki zuten. Artisauen aztarna jarraituz, garai hartako lanbide ezberdinen tailerrak burutu zituzten: ehungileak, larrugileak, lurringileak... Egun osoko jarduera ederra izan zen eta denek, handiek zein txikiek, gustura parte hartu eta asko ikasi zuten. 

Hementxe duzue egunak eman zuenaren BILDUMA.